Manifestua (euskera)


“ZORRAREN ORDAINKETARIK EZ

MURRIZKETA GEHIAGORIK EZ

TROIKAREN GOBERNUAK KANPORA

OGIA, LANA ETA BIZITOKIA DENONTZAT

 

 

papelpluma2014an egoera oso zailean gaude, muturreko egoeran, gizarte larrialdiko egoeran. Hori dela eta, langileriak, herritarrek eta herriek erantzun kolektibo eta masiboa eman behar dugu.

 

Milaka langile lanik gabe daude. Lan egiteko eskuak izatea, karrera amaituta edukitzea, eskuzko eta adimeneko gaitasuna izatea eta lan duinik ez aurkitzea umiliagarria da. Gizartearen talentu kolektiboa alferrik galtzen ari gara, eta euren etorkizuna mugarik gabe arriskuan jartzen. Langileek ez dute merezi duintasun kolektiboaren zapalketa hori.

 

Ehunka mila familiek euren etxea galdu dute. Familia bat etxetik kanporatzea baino gauza ankerragorik ez dago, eta eskrupulurik gabeko bankari batzuen handinahikeri aseezina areagotzeko besterik ez da egiten. Bankari horiek Troikaren mendeko estatuek elikatzen dituzte, langileria eta pertsona zaurkorrenak are gehiago pobretzearen kontura.

 

Bitartean, patronalak, langabezia masiboaren dramaz baliatuta, oraindik ere lana duten pertsonak estutzen ditu, soldatak jaitsita eta lan-baldintzak okertuta. Langile horiek, egoera zailaren aurrean, ezin dute euren zeregina zalantzan jarri ere egin, kapitalak esplotatzen dituen arren. Sistemak behartu nahi gaitu enpresarioekiko esker ona adieraztera, gizartearen ongile bihurtzen baikaitu. Bada garaia lana eta aberastasuna banatzeko, eta langileak euren etorkizunaren jabe sentitu ahal izateko.

 

Egungo politikekin, gure gazteek ez dute aukerarik bizitza-proiektu duina eraikitzeko, eta bizimodua atzerrian atera beharko dute, iraganean gure guraso eta aitona-amonek egin zuten moduan.

 

Ez dugu onartzen iraganeko garaietara bultzatzen gaituen sistema patriarkala, izan ere, geure gorputzen inguruan erabakitzeko eskubidea kentzen digu, ama izan nahi dugun edo ez erabakitzeko gaitasuna ukatzen digu eta berriro ere etxera eramaten gaitu seme-alaben hazieran jardun dezagun.

 

PPren gobernuak Troikaren  esanetara (Nazioarteko Diru Funtsa, Europako Banku Zentrala eta Europako Batzordea) gauzatutako politikak pairatzen ari gara. Horien bidez, eskubideak lapurtzen eta gizartearen gehiengoa pobretzen ari dira. Politika horiek, herritarrek sortu ez duten legez kontrako zorraren ordainketan oinarritzen direnak, bankuen espekulazioaren eta gobernuen gehiegikerien ondorio dira.

 

Errentagarria dena pribatizatzen dute, eta oinarrizko zerbitzuen aurrekontua murrizten dute: osasuna, hezkuntza, mendekotasuna, garraio publikoak, ura, energia, komunikazioak, gizarte zerbitzuak, etab. Horrek guztiak herritar gisa ditugun eskubideen aurkako ondorioak dakartza.  Erosahalmenean galera izugarria pairatzen ari diren gure adinekoei iseka egiten diete, bizitza guztiko aurrezkiak atxikita dituztela ikusten dutenean, lehentasunezko akzioen banku-iruzurraren eta delituzko beste finantza produktu batzuen bidez.

 

PSOEren gobernuak, PPren babesarekin, Konstituzioaren 135. artikulua aldatu zuen zorraren ordainketari lehentasuna emateko pertsonen eskubide eta betebeharren aurrean. Justifikatze aldera esan zuten gure aukeren gainetik bizi izan garela, eta soilak izan behar dugula eta, beraz, defizita murriztu beharra zegoela. Hala eta guztiz ere, ez da inolako murrizketarik egon dozenaka mila milioi euro injektatu behar izan direnean bankuak eta espekulatzaileak salbatzeko.

 

Krisiaz baliatzen ari dira eskubideak murrizteko. Murrizketen politika horiek sufrimendua, pobrezia, gosea eta heriotzak ere eragin dituzte, bankuek eta botere ekonomikoek mozkin handiak izaten jarrai dezaten gure bizitzen kontura.

 

Askatasuna lapurtu digutelako. Kapitalismoak soberan ditu askatasunak eta gizartearen gehiengoaren eskubideak. Gutxi batzuen onura pribatua soilik bilatzen duen sistema da, eta halabeharrez irismen ikaragarriko ingurumen- eta gizarte-hondamendira garamatza.

 

Gizartearen gehiengoarentzat krisi-iruzur honek giza drama izugarria eragin du. Hala eta guztiz ere, gutxiengo txiki batentzat negozio handia da. Eta protestatzean, erantzun bera jasotzen dugu beti: klase-sindikalismoaren eta gizarte mugimenduen errepresio eta kriminalizazioa. Sistema horrek errepresioa behar du mantentzeko, eta kaleko borrokarekin gainditu behar dugu.

 

78ko Konstituzioan sortutako erregimenaren banaketa nabarmena da, jaiotzean agerian zeuden elementu berberen bidez. Erregimen hori herriaren aurka sortu zen, ustelkeriak barrua jan dio eta ez du inolako legezkotasunik. Eskubide eta askatasunak lapurtu dizkigute gutxiengo baten interesei mesede egiteko eta euren mozkinak bermatzeko. Gutxiengo horrek, halaber, gizarte salbuespenezko egoera honetara eraman gaitu, hezkuntza eta osasun publikoa suntsitu, gure adinekoen pentsioak zorrozki murriztu, gure etxebizitzen jabetza lortu, enpresak itxi eta milaka langile kaleratu baititu.

 

Ondoz ondoko gobernuak legez kanpo daude, ahalegin handiz lortu ziren eskubideak negozio bihurtzen dituzte eta ustelkeria sustatzen dute. Egoera hori orokorra da, baina ez da sistema ekonomikoarekiko independente, gizartearen beraren egituraren parte baita eta ezinbestekoa da haren garapenerako. Ustelkeria sutatzen dutenak baita ustelkeria onartzen dutenak ere aberastasunaren ekoizpen eta banaketa bidegabeko sistema honen parte dira.

 

Herriei dei egiten diegu haien subiranotasuna erabil dezaten, oihu egin dezaten, demokratikoki, askatasun demokratikoak, erabakitzeko eskubidea eta pertsonen oinarrizko eskubideak benetan bermatzen dituen prozesu eratzailea eraikitzeko.

 

M22 DUINTASUNAREN MARTXAn garrantzitsutzat jotzen dugu mobilizazio bateratua, masiboa eta irmoa bideratzea giza eskubideen eta gizarte justiziaren aurka erasotzen duten politiken kontra.

 

Mobilizazio hori zorraren ordainketaren aurka dago, lan duinaren alde, oinarrizko errentaren alde, gizarte eskubideen alde, askatasun demokratikoen alde, murrizketa, errepresio eta ustelkeriaren aurka, gizon eta emakume askez osatutako gizartearen alde; mobilizazio hori erasotzen gaituzten baina ordezkatzen ez gaituzten sistema, erregimen eta gobernuen aurkakoa da.

 

Beraz, joan daitezen eskatzen dugu. PPren gobernua joan dadila, baita oinarrizko gizarte eskubideak murrizten dituzten gobernu guztiak ere, Troikaren politiketan laguntzen duten gobernu guztiak.

 

Horregatik Espainiako estatuko hiriburua, Madril, duintasunez eta asalduraz betetzeko dei egiten dugu, martxoaren 22rako. Egun horretan Penintsulako latitude guztietako zutabeak Madrilera helduko gara, eta madrildarrak ere deitzen ditugu kalera atera daitezen eta gizarte gehiengoaren mobilizazio handi honekin bat egin dezaten.

 

OGIA, LANA ETA BIZITOKIA

KALERA, BADA GARAIA ETA”

Share Button